SARRERA

 
Axular maisu handiaren berbak nire eginda, ez dut liburutxo hau egiten letratu handientzat, ez eta ezer ez dakitenentzat ere. Ez dut teoria linguistikorik egin gura izan, ez eta, ohikoa den legez, dialektologiaren argitara ikerketa sakonik ere.

Nire asmoa askoz apalagoa izan da, euskaldun xume batzuen altxor kulturala baliatuta, liburu polit bat egin gura izan dut. Hemen biltzen diren apur hauen bidez zer dakiten, zer daukagun eta zer gal dezakegun erakutsi baino ez dut egin gura izan. Gure kulturaren eta hizkuntz sustraien erakusgarri izan gurako luke nire honek; batez ere bertakoentzat, direnentzat eta, katearen begien antzera, izango direnentzat.

Bakioko udalekoek egiteko honi ekingo nion ala ez itaundu zidatenean, gustura egingo nuela baino ez nien esan; ez nuen uste orduan hainbeste ikasiko nienik bertako euskaldunei. Bakio, orain arte behintzat, sano herri euskalduna izan dena ezin uka liteke, urtearen sasoi batzuetan euskalduntasun hori txokoratu eta lurpetuta gordetzen den arren.

Asko daukagu euskaltzale gazteok ikasteko gure berbeta behar duen gradura igan gura badugu. Sarritan eredu linguistiko egokien bila ibiltzen gara noraezean, ez dugu aditzen jakiten; ez gara konturatzen gure alboko euskaldun horiek dauzkatena guk bilatu gura ditugunak. Ikasiko ahal dugu entzuten!

Hizkuntza gizakiaren ibilbide kulturalaren islada denez gero, hura ezin bizimodutik banan daiteke. Horregatik, jaso ditudan berbak eta testuak gaika aurkezteari eritzi diot ondoen. Lau zati nagusi dauzka behar honek. Lehen zatian gizakia eta beronen preminen arabera jasotako lexikoa aztertuko da. Gizakia kokatuta dagoen ingurunearen araberako berbak bigarren zatian ikusiko dira. Hirugarrenean jarduerek garatutako gaietan topatu duguna agertuko da. Azkenik, laugarren zatian, berbeta bera aztertuko dugu; zati honetan, zeharka bada ere, bertako barietatearen ezaugarri batzuk aurkeztuko ditugu. Badakit, ondo jakin ere, lau zatiok aberats daitezkeena, hemen agertzen dena abiapuntua baino ez dena; baina, berriak eta hobeak etorriko direlakoan hementxe utzi gura izan dut oraingoz.

Berba bat ematean bertakoa mugatu singularrean eta letra beltzez agertuko da, horren ondoan berba bera era normalizatuan eta euskara batuan. Zenbait kasutan esangura hobeto ulertarazteko azalpenak ere emango dira.

Berbakaz batera, gai zehatz batzuen gainerako testu argigarriak agertuko dira, testuok kasu guztietan letra etzanez eta kakotxoen artean agertuko dira, euren ondoan, eta parentesien artean, batuzko bertsioa agertuko da. Euskara batuan eginiko bertsio horietan ahal denik ondoen lotuko natzaie ahozko testu originalei, hauen funtzio bakarra ulermena erraztea da eta; ez dut ezer ere zuzendu gura izan. Testu hauek hiztegia jantzi ez eze, kultura osoa islarazi ere egiten dute; euretan teknologia, pentsakera, sinismen eta bizikeren berri aurkituko du irakurleak.

Liburu honegaz batera CD-ROM bat ere egin dugu, bertan jaso ditugun testuak entzun ere egin daitezke. CD-ROM horren kopiak herrian lotuko dira eta bertakoek jakingo dute zelan erabili. Jaso ditugun material guztiak digitalizatuta dauzkagu eta edozein momentutan era askotako ikerketak egiteko erabil daitezke. Luzeera desberdinetako testu digitalizatuak 929 dira eta hiztegi-artxibo digitalizatuak beste 5480.

Esan dezadan amaitzeko, gurako nukeela ahalegin hau baliagarria izatea bertakoentzat eta niretzat izan den gainako interesgarria eta jakingarria kanpokoentzat.
 

Aurkibidea